Badostaingo Bideko Ama Birjina XIII. mendean eraiki zen, erromaniko berantiarrari jarraiki egina baitago. Zenbait adituk, ordea, erran dute XII. mendearen erdialdean eraiki zela.
Ermita monasterio bateko tenplua izan zitekeen; Moreako monasteriokoa, 1215eko agirietan aipatutakoa. Barnealdearen oina laukizuzena da, lau tarte ditu eta abside erdizirkularra, labe-ganga erdi zorrotz batek estalia. Hementxe dago tenplu txiki honetan buru egiten duen tailu barrokoa. Denboraren joanean, hainbat aldiz margotu dute.