Andazelai eta Aezkueta amildegien arteko muino batean dago Altzuza.
Iruñetik 8 kilometrora dago, eta 256 hektareako azalera du (horietatik zati handi bat, 89 hektarea, baso zurgaiak dira).
Gaur egun, guztira, 302 biztanle daude erroldatuta, eta herrigune txikian eta herriko etxebizitza-kopurua osatzen duten bi urbanizazioetan bizi dira, Errikotxiki eta Alzuza-2 urbanizazioetan. Hain zuzen ere, lehenengo urbanizazio hori eraiki izanak (1975ean) eta Altzuzako Andre Maria Madalenaren monasterioa moja beneditarren bizileku bihurtzeak eragin zuen herriak 70eko hamarkadatik aurrera izandako hazkunde demografikoa.
Bertan eraiki da sortzez gipuzkoarra izan arren Nafarroan bizi izan zen Jorge Oteiza eskultorearen eta bere obraren omenezko museo monografiko bat. Nazioartean ospe handia lortu zuen autore hau herrira etorri zen bizitzera, hain justu herria goi-mailako etxebizitza-eremu gisa hedatzen hasi zen momentuan. Urte horietan zaharberritu zuten bai Jorge Oteiza beraren etxea izandakoa (orain museo-etxe bihurtua), bai apaizaren etxea, gerora misiolarien etxe bilakatu zena Aita salestarren agindupean. Saenz de Oiza (1918-2000) arkitekto nafarrak (besteak beste, Iruñeko NUP eko eraikinaren eta Madrilgo BBVA bankuko egoitzaren egileak) diseinatutako eraikin baten barruan dago museoa. Artistaren obra-multzoa dago erakusgai; bere obraren garrantziaren ikuspegi osoa ematen dute lanok, baita bere lanen bidez zer helarazi nahi zuen adierazi ere.
Jada 1105. urteko dokumentu batean leku gisa aipatzen da Altzuza, herriak udal barrutiko mahasti bat Iruñeko katedraleko aterpetxeari eman ziola eta. Halaber, 1134. urte inguruan herriko eliza Orreagako Andre Maria ospitaleari atxikia egotera igaro zela aipatzen da agirietan. Dirudienez, 1268 aldera herri hau Eguesibarreko lekurik jendetsuena zen, Egues herria bera baino are jendetsuago (populazio bikoitza zuen). Alabaina, nobleziaren aginpidekoa zenez, eta ez koroaren menpekoa zuzenean, gerora etorri ziren krisien ondorioak gehiago jasan zituen, eta, beraz, mende eskasean populazioak nabarmen egin zuen behera.
Altzuzako parrokia-eliza XII. mendekoa da, eta San Estebani eskainia dago. Bere obrarik esanguratsuena XVI. mendeko erretaula nagusia da, barroko estilokoa; erretaularen barruan garai bereko sagrario erromanista bat ere badago. Baina, zoritxarrez, XII. mendeko tailu bat lapurtu egin zuten; ama birjina eserita ageri zen bertan, haurrarekin, eta garai erromanikoaren zurruntasun tipikoa adierazten zuen.
(Iturriak: Altzuzako Kontzejuko lehendakaria, Enciclopedia de Navarra eta Eguesibarreko Udal Plana).