Lehendakaria: Ricardo Oscariz Ortabe
600 98 85 89
Biztanleria: 696 pertsonak (31-03-2017), 354 gizonak eta 342 emakumeak

Olatzeko kontzejua Iruñetik 6 kilometro eskasera dago. Dena dela, Iruñetik dagoen distantzia hori ia erabat desagertu zen Mendillorri Iruñeko auzo bihurtu zen momentuaz geroztik.

762 biztanlerekin, Eguesibarreko populazio nukleorik handiena duen lekua da, Sarriguren eta Gorraitzen atzetik.

Olatzeko herriguneak oraindik ere antzinako etxeak mantentzen ditu, beren edertasuna eraikuntza berriekin nahastuz. Ekialdeko ingurabidea eraiki izanak Olatzerako sarbideak nabarmen hobetu ditu, eta, era berean, kotxeek herrigunea zeharkatzea saihestu du. Horrek biztanleen bizi-kalitatea areagotu du, orain ez baitute jasan behar lehenago herria inguratzen zuen motordun ibilgailuen trafikoa.

Hain zuzen ere Olatzen eraiki zen Eguesibarreko udal kiroldegia. Ibarreko biztanleentzako egindako obra honek instalaziorik modernoenak dauzka (igerileku estaliak, erlaxatzeko gunea, muskulazio-gela, pilotaleku estalia, sorospen zerbitzua eta botikina, monitoreak, ikastaroak, etab.). 1998an zabaldu zutenetik Eguesibarreko biztanleen topagunerako eta bizikidetzarako guneetako bat bilakatu da. Hori dela eta, aisialdirako eta atsedenerako beharrak asetzeaz gain (nagusiki bizitegira bideratutako gune batean logikoa baita horretarako lekuak eraikitzea), kiroldegiak ibarreko bizitza soziala ere sustatzen du.

Oso litekeena da garai batean Olatz errege-jaurgo izana. Are gehiago, 1367ko dokumentuetan aipatzen da Karlos II. erregeak bere irin-errota Juan Ruiz de Aibar-i saldu ziola, hain zuzen ere gero Karlos III.ak Olatzek koroari zor zizkion zergen gaineko eskubideak betiko saldu zizkion gizon berari.

XIV. mendean jauregi bat egon zen herrian, Nafarroako erregeen jabetzakoa, eta aurretik aipatutako erosle berari saldu zioten irin-errotarekin batera, urrezko 1.000 frankoren truke. XV. mendearen erdialdean, Nafarroak gerra zibiletan parte hartu zuenean, jauregi hori beste pertsona baten eskutara pasa zen: Juan Labrit erregeak bere diruzainari eman baitzion, Johan del Bosqueti, bere jaunaren nahiaren kontra (Gracián de Beaumont), Bosquet desleial izan baitzitzaion gatazketan.

Herriko zaindariaren omenezko San Pedro parrokia-eliza Erdi Arokoa da, eta barroko estiloko erretaula nagusia du ezaugarririk esanguratsuena (XVII. mendeko bigarren erdikoa), soto-koruan gorderik dauden oihalaren gaineko hiru margolanekin batera. Denetan aipagarriena Frantzisko Xabierren margolana da (kuriosoa da bere familia hil egin zutela Labrit dinastiari babesa emateagatik), XVIII. mendekoa, kolore eta konposizio original samarrekoa. Olatzeko jaiak San Pedroren omenez ospatzen dira, ekainaren 29an; hain zuzen ere haren tailu bat dago elizako erretaula nagusian, oso kalitate onekoa.

(Iturria: Olatzeko Kontzejuko presidentea, Enciclopedia Navarra eta Eguesibarreko Udal Plana).

Olatzeko kontzejuak bere web orri propioa du

Erlazionatutako