Biztanleria: 385 pertsonak (31-03-2017), 199 gizonak eta 186 emakumeak

Eguesibarreko Udalak, bertako ingurumenaren kontserbazio-maila bikaina dela eta, aisialdi-erabileretara bideratzeko asmoz erositako baserri bat da. Kontserbazio-maila on hori Egulbatiko jaurerria tradizionalki jabetza pribatua eduki izanari zor dio; izan ere, pribatua zenez, aldameneko eremu guztiek jasandako baso-ustiapen handitik at geratu zen.

Gaur egun harizti heldu bat dago bertan, tartean pagoak, lizarrak eta gereziondoak ere badituena. Baso autoktono honetan, faunak habitat pribilegiatua du, bai bizitzeko, baita ugaltzeko ere. Horrexegatik, udalaren ustez, toki hau naturaren interpretaziorako zentro bat eraikitzeko leku aproposa izan daiteke. Era berean, litekeena da eremu hori mendi-ibiliak eta aisialdi-jarduerak egiteko erabiltzea (hipika, esaterako). Uztailean, 6 eta 12 urte bitarteko haurrentzako kanpaldi bat antolatzen da bertan, eta ingurumenarekin erlazionatutako jarduerak egiten dituzte.

Egulbati izena 1268ko Libro de rediezmo delakoan ageri da. Herri honen inguruko hurrengo aipamenak 1336ko biztanleen errolda egin zenekoak dira; urte horretan lau su zeudela aipatzen da eta horietako bat kaparea zela.

XIX. mendeko lehen erdialdeko administrazio-erreforma egin zen arte, ibarreko diputatuak eta errejidore batek gobernatzen zuten (azken hori biztanleek hautatua). Jakin badakigu 1847an Egulbatin bizi ziren haurrak Elkanoko eskolara joaten zirela ikastera. Ondoren, Mendizabalen desamortizazioaren ondorioz (1836), Orreagako kabildora atxikitako elizaren jabego izateari utzi eta Aurizberriko Oyarbide familiaren eskutara pasa zen. Haien jabetzakoa izan zen, harik eta Fermín Oyarbidek mendearen hasieran Julio Maset militarrari saldu zion arte. Jabe berriekin Egulbatik nolabaiteko garapena izan zuen, bertako parajeak abeltzaintzarako larre bihurtu baitzituzten. Behi talde bat, artalde bat eta 130 txerri eme izatera iritsi zen. Egulbatiren behin betiko gainbehera etorri zen gero, 1960 aldera, jendez hustu baitzen.

(Iturria: Enciclopedia de Navarra eta Eguesibarreko Udal Plana).

Erlazionatutako