Natur ingurunea gero eta gehiago aldatu zaienez, espezie batzuek bestelako aterpeak bilatu, eta ederki baliatu dituzte gizakiek egindako zenbait eraikuntzak emaniko onurak, hainbesteraino, non, haietako askoren biziraupena eraikuntza horiei lotua baitago.
Sarrigurengo herri zaharra zaharberritu eta urbanizatzean, Aterpeak taldeak hainbat proposamen eta irtenbide proposatu zituen ikuspegi hori lan guztietan txertatzeko, eta obra-zuzendaritzako taldean sartu ginen.
Guk habia-kutxak paratzea proposatu genuen, egokiak baitira eraikuntza zaharberritzeko baina han bizi diren espezieak kanporatu gabe. Eraikuntzak aberasteko modu bat da, beren bizia ere izan dezaten. Era berean, egokiak dira eraikuntzetako biodibertsitatea eta haien erabilera bateragarri egiteko, eta horrek ingurumen balio erantsia ematen die eraikuntzei.
IZURRITEEN KONTROL BIOLOGIKOA
Proiektua elkarlanean garatu da Nafarroako Gobernuko Nekazaritza Departamentuarekin, gizakiarentzat onuragarriak diren harrapariak berreskuratze aldera, onak baitira izurri-espezieak kontrolatzeko (karraskariak, batez ere) hala alorretan nola hiri-eremuetan; eta horretarako, lagungarria da habia-kutxak paratzea.
Hiri-ingurunean hontzari eginen dio mesede; apo-hontzari, erreketan; belatzari nahiz mozoloari alorretan, eta urubiari, oihan-eremuetan.
Guztiz beharrezkoa da kutxa horiek paratzea, ez baitago behar bezalako zulorik hegazti horien ugalketarako, hainbat arrazoi dela medio:
- Etxebizitzak eta elizak zaharberritzen direnean, ezabatu ohi dira hontzak eta belatzek erabilitako zuloak.
- Mendi-hegaletan pinuak landatu direnez, eta baso heldurik ez dagoenez, urubiak ez du zulorik aurkitzen habia egiteko.
- Zereal-alorren artean zuhaitzik ez dagoenez, askoz ere leku gutxiagotan jar daitezke belatzak erabiltzeko moduko korbido-habiak.
- Ibai eta erreka bazterretan ere ez dago zuhaitz heldurik, eta horren ondorioz, ez da apo-hontza biziko.
Hortaz, hegazti harraparirik ez dagoenez, espezie batzuk aise ugaritzen dira (lursaguak, adibidez), eta horrek kalte handia egiten dio nekazaritzari.
JENDEA INGURUMENAZ SENTSIBILIZATU ETA HEZTEKO PROIEKTUA
Aterpeak taldea, halaber, lanean ari da jendea ingurumenaz sentsibilizatzeko, eta horretarako, habia-kutxei buruzko tailer bat antolatzen dugu, ibarreko auzokideek kutxak egiten, paratzen eta haien jarraipena egiten ikas dezaten.
SARRIGURENGO IKASTETXE PUBLIKOA
2015ean, 150 ikasle inguru aritu ziren espezie intsektujaleendako habia-kutxak egiteko tailerrean. Tailerra ikasgeletan eman zen, eta gero, kutxak Sarrigurengo hainbat tokitan paratu ziren. Ondoko urteetan kutxak mantentzeko eta haiei jarraipena egiteko lanak egiten ari dira, bai eta paratuak daudenak konpontzeko lanak ere, eta gerri-txoriendako kutxa berriak ere bai.
Eguesibarko Kontzejuak
Adin guztiendako egin da intsektujaleendako habia-kutxei buruzko tailerra eta, gero, kutxak leku egokietan paratu izan dira herrian. 2015ean, Badostainen egin zen, eta 2016an, Eguesen eta beste herri batzuetan.