Ekitaldi instituzionala, Emakumearen Nazioarteko Eguna dela eta
Astearte honetan, martxoaren 8an, 12:00etan, Emakumearen Nazioarteko Egunaren ekitaldi instituzionala egin da. Udaletxeko kanpokaldean, alderdi desberdinetako politikariak, Udaleko langileak, bailarako zerbitzuen erabiltzaileak (Felix Garrido egoitzakoak, esaterako; alkateari eta Berdintasun zinegotziari eurek egindako M8ko txapak oparitu dizkietenak) eta herritarrak, oro har, elkartu dira.
Juliana Anchundia Berdintasun zinegotzia arduratu da ekitaldia aurkezteaz eta Nafarroako Toki Erakundeetako Berdintasun Teknikarien Sareak adostutako adierazpen instituzionalaren irakurketa egiteaz. Aurtengo leloa: “Kontziliaziotik zaintza erantzunkidera; eraldatu irtenbidea aurkitzeko” izan da. Ana Isabel Iturralde Razquin gizarte hezitzailea izan da euskarazko irakurketaren arduraduna.
Juliana Anchundiak, gainera, Berdintasun Sailak antolatutako ekitaldietan parte hartzeko gonbitea luzatu die bertaratu diren guztiei, hala nola, martxoaren 12an, larunbata, egingo den “Haiengatik egingo dugu” lasterketa solidarioan. Ordezkari politikoak elkarrekin egon dira ekitaldiaren amaieran.
Gainera, ekitaldira bertaratu diren pertsonek Monika Arandaren «Cuadrando» obraz gozatu ahal izan dute. Lan hori Estatuak mende honetan gizon eta emakumeei eman dizkien sari kulturalak (arte plastikoak, arte eszenikoak, musika…) aztertzearen ondorioz sortutako irudikapen plastikoa da. Horretarako, artistak lauki laranjak sortu ditu saritutako gizonen datuetarako, eta zuriak emakumeentzat. Autorearen arabera, “Datu horiek Kulturari dagozkiolako eta emakume sarituen kopuruak etengabe gora egin duelako aukeratu ditut, azken urteetan erabat berdindu den arte. Borrokak fruituak eman dituen eremua iruditzen zait, mezu positiboa eta itxaropentsua da. Oraindik asko dago egiteko, baina datuak, zenbait arlotan, dagoeneko “koadratzen” ari dira”.