Eguesibarko Udalak inkesta bat egin du herritarrek beren zerbitzu elektronikoei buruz duten iritzia ezagutzeko
Eguesibarko Udalak inkesta bat jarri du herritarren eskura, elektronikoki ematen diren zerbitzuei buruzko iritzia ezagutzeko.
Administrazio-izapideak egiteko egoitza elektronikoaz gain, Udalak 3 webgune ditu, bizilagunen dirua nora bideratzen den ikusteko (valledeegues.dondevanmisimpuestos.es), Ibarrean abian dauden partaidetza-prozesuetara sartzeko (www.valledeeguesparticipa.com) edo Linea Verde app mugikorretik edo www.lineaverdevalledeegues.com webgunetik bide publikoko gorabeheren berri emateko.
Gobernu taldetik, Amaya Larraya alkateak adierazi duenez, “Gurea bezalako ibar zabal batean betebehar garrantzitsua da udala eta bere zerbitzuak auzokideei hurbiltzea. Eta ez da aurrezteko neurri hutsa, zerbitzuak herritar guztiei berdintasunean ematen zaizkiela bermatzeko bitarteko erabilgarria da, bizi diren ibarreko lekua edozein izanda ere “. Bestalde, Jose Miguel Bernal Administrazioa Eraberritzeko zinegotziak adierazi duenez, “Eguesibarko Udalaren asmo garbia da teknologiak baliatzea zerbitzu hobea emateko, eta, horregatik, jakin nahi dugu zehazki zein arlotan hobetu behar dugun eta zein diren etorkizunerako eskariak”.
Herritarrek parte hartzeko ekimen hau ez da abiatuko den bakarra izanen, datozen hilabeteetan ideia eta iradokizunen sistema bat gaitzea aurreikusita baitago. Sistema horri esker herritarrek ideiak eta jarduerak proposatu ahalko dituzte urtean barna, eta, aldi berean, aukera izanen dute udalerriaren garapenerako ekintzarik interesgarrienak bozkatzeko.
Inkesta herritarren parte-hartzerako https://valledeeguesparticipa.com/participa/encuesta-modernizacion/ webgunean dago eskuragarri, eta otsailean erabiltzeko moduan egonen da. Epea bukaturik, emaitzak aztertu eta ateratako ondorioekin batera argitaratuko dira.