Futbola Eguesibarren C.D Valle de Egues-ekin
Gaur egungo Valle de Egues Kirol taldearen ernamuina ezagutzeko, 50eko hamarkadaren erdialdera jo behar da. Egues-eko gazteak noizean behin inguruko beste herri batzuetakoekin elkartzen ziren uztondoetan futbol partidak jokatzeko. Ondoren, 1968an Miguel Angel Orbaizek eta Miguel Echartek talde bat osatu zuten modu erregularragoan lehiatzeko. Hasierako janzkera, erretoreak oparitutakoa, urdina eta eskarlata zen. Beranduago, urdinera pasa zen marra zuriekin, berdera gero, eta gaur egun mantentzen den urdina aukeratu zen azkenik kolore nagusi gisa.
2000. urtean, Valle de Egues Kirol Elkartea sortu zen, Udalarekin lankidetzan. San Martin zelai zaharra utzi eta egungo Sarriguren udalerrira eraman zen egoitza. Horrela sortu zen futbol eskola ere, gaur egun ezagutzen dugun bezala. Valle de Egués Kirol Elkarteak 34 talde ditu (bost klubekoak eta 29 eskolakoak). Maila nazionalean Hirugarren Mailako taldea nabarmentzen da. Eskualde mailan, Lehenengo Erregionalekoa eta Jubenilak daude. Klubak Nafarroako Kirol Jokoetan ere parte hartzen du, baita areto txiki txapelketetan ere, helburua dibertimenduaren bidez ikastea delarik.
Denboraldi normal bat abuztuan hasten da helduenentzat eta gradualki gainerako kategorientzat. Areto futbola urrian hasten da. Guztiek maiatza aldera amaitzen dute, nork bere kategorian bigarren fasea jokatzen duten taldeek izan ezik. Ildo horretan, ekainera arte luza daiteke. Horren guztiaren ondorioz, astebururo futbol 11-ko hogeita hamar bat partida inguru jokatzen dira, futbol 8-ko 20 inguru eta areto futboleko dozena bat baino gehiago.
Lehiaketaz gain, CD Valle de Eguesek antolatzen dituen campusak nabarmentzen dira. Data nabarmenduak Gabonak, Inauteriak, Aste Santua edo Uda dira. Partaidetzak gora egiten du urtero, eta, azken edizioetan, izena eman dutenen kupoa itxi behar izan da, ezin izan baitzaie eskaera guztiei erantzun.
Testuinguruan kokatzeko, 440 haur inguru egongo dira eskolan eta ehun bat klubean. Hau da, Valle de Egues Kirol Klubeko futbol eta areto futbolaren atalek, 500 pertsona baino gehiago hartzen dituzte.