“JOAKIN LIZARRAGA ELKANOKOA”

EUSKARAZKO NARRAZIO LABURREN SARIA

Euskara Zerbitzuaren bitartez, Eguesibarko Udalak “Joakin Lizarraga Elkanokoa” Narrazio Laburren Saria antolatu eta haren deialdia egiten du. Ekimena Sarrigurengo Joakin Lizarraga Ikastetxe Publikoko Lehen Hezkuntzako 3., 4., 5. eta 6. mailako ikasleentzat da, euskarazko literatur sormena sustatzeko asmoz. 

Era berean, Sarrigurengo Hermanas Uriz Pi Ikastetxe Publikoan kontakizun bat osatzen da elkarlanean A ereduko talde guztietako ikasleen artean. Emaitza koloretako liburu irudidun bat da, ikastetxeak berak ondua. Udalak liburu horren koloretako edizioa egiten du.

JOAKIN LIZARRAGA DE ELKANO

joaquin-lizarraga-egues

Joakin Lizarraga (1748-1835) Elkanoko Migelena etxean jaio eta 63 urte baino gehiago izan zen herri horretako apeza, Eguesibarren. Aunitz idatzi zuen euskaraz, eta idazlerik interesgarrienetako bat da euskarazko izkribuetan, bai hizkuntzaren beraren ikuspegitik, bai filologiaren aldetik.

Bost mila folio inguru idatzi zituen, guztiak ere eliz testuak, predikuak, sanduen bizitzak eta beste. Mendez mende Iruñerrian mintzatutako euskalkia erabili zuen bere idazkietan, hau da, hegoaldeko goi-nafarrera erraten zaiona, XX. mendean galdua. Lehiaketa honen bidez, idazlearen lana eta euskal letretan duen garrantzia erakutsi nahi dira.