Eguesibarko natur ingurunea baliosa eta garrantzitsua da, hainbat geografia-eremu baititu, eta paisaia aberatsa eta askotarikoa baita.

 

GEOGRAFIA

Eguesibarren hiri eremu orografiko ditugu: Pirinioetako Ibarrak, Ibarra eta Badostaingo nahiz Ardanazko lautadak, azken horiek Arangurengo mugaren ondoan eta bana beste 500 metroko altuera dutenak.

Pirinioetako Ibarretan, Sagaseta, Elia, Egulbati eta Amokain daude. 900 metroko altuera inguruan daude, eta Pirinioetako paisaiaren ezaugarriak dituzte, hau da, erreka-sakan sakonak eta malkartsuak. Bi garrantzitsuenak Egulbatikoa eta Eliako errekakoa dira. Azken horren bukaeratik, Lakarri mendiko tontorra ikusiko dugu, hots, Eguesibarko tokirik garaiena, 1.046 metrokoa.

Ibarrean Altzuza, Azpa, Egues, Elkano, Etxalatz, Erantsus, Ibiriku eta Uztarrotz daude. Pirinioetako ibarren bukaeratik Malkaitz (711 metro), Mendizorrotz (786 metro), Tangorri (845 metro) eta Sariandi (800 metro) mendien lerrora bitarteko bazterrak dira. Urbi errekak gurutzatzen du, iparraldeko erreka-urak bildu ondoren. Paisaian ez da malda handirik, eta antza handiagoa du Badostaingo zelai zabalekin.

Azkenik, Lautadetan, Badostaingo gainek (590 metro) eta Aldabarren mendixkak (535 metro) muga egiten dute Arangurengo Ibarrarekin. Mendixka batzuk kenduta, paisaia laua da nagusi. Nekazaritza lurrak dira, zereal-alorrak, gehienbat.

 

FLORA

Florari dagokionez, ezberdintasun txikiak daude eremu batetik bestera. Horrela, Pirinioetako Ibarretan, sakan meharrak daude, bazter ospelak, eta pagoak eta haritzak dira nagusi. Paisaia irekitzen den tokietan, oihanpean hazi ohi diren espezieak ikusiko ditugu, hala nola ezpela, otea eta txilarra. Landare horien izenak ederki bilduak daude Ibarreko toki-izenetan.

Ibarra osatzen duten bazterretan, Urbiren ibaiertzeko landaredia aipatu behar da, ez baitago besterik, gainerako lurrak nekazaritzarako erabiltzen baitira. Ibai bazterrean, lizarrak, makalak eta sahatsak hazten dira, eta haltza batzuk ere bai.

Azkenik, Badostaingo Lautadan, hezetasun maila txikiagora egokituta dauden espezieak dira nagusi, hala nola artea eta erkametza. Espezie horiek osatutako basoak arras hostotsuak dira, eta oihanpean, ugari dira ezpelak, elorri beltzak eta laharra zuriak; beraz, nekez ibiliko gara horrelako basoetan.

Eguesibarko paisaia babestuak

espacios-naturales-elia-egues

ELIAKO PAISAIA BABESTUA

Naturguneak kontzejuaren dermio osoa barnebiltzen du; askotariko habitatak daude, guztiak ere interes handikoak, oihana batez ere, ongi kontserbaturiko landa-herrigunea barne.

espacios-naturales-elgulbati-egues

EGULBATIKO PAISAIA BABESTUA

Jaurerria zen, Eguesibarko Udalak erosia; askotariko habitat bereziak ditu, bai eta eremu irekiak ere.

espacios-naturales-zolina-egues

EZKORIZ-ZOLINAKO AINTZIRA

Badostaingo dermioan dago, ur gazia da, eta garrantzi handia du hegazti urtar eta migratzaileentzat.