Eguesibarren badira hiri-eremu hutsak (Sarriguren, Olatz eta Gorraitz) eta landa-eremuak. Landa-eremuen artean ere, bi eremu aski ezberdinak daude: bata, iparraldean, eta bestea, hegoaldean. Ibarraren iparraldea alorrez eta basoz osaturiko mosaiko bat da, eta natur balio handiko lekuak daude, hala nola Elia eta Egulbatiko Paisaia Babestuak, Amokaingo Jaurerria eta Erantsusekoa. Urbi ibaiak lurraldea egituratzen du. Urbira hainbat errekastok isurtzen dituzte urak, hala nola Urbikaingo errekak eta Sagasetako errekak. Erreka bazterretan, oraindik ere ongi kontserbatua dago ibaiertzeko landaredia.
Leku horietan, errekek garrantzi handia dute, korridore ekologikoak baitira ugaztunentzat, eta horregatik, oso garrantzitsua da korridore horiek zaindu eta hobetzea. GANek 2017an egindako azterlanak agerian utzi du lekuok faunarentzat duten garrantzia eta aberastasuna.
N-150 errepidean fauna-pasabideak egin dira, bisoi europarrak Urbi ibaia gurutzatu dezan. Zehazki, 2016an egin ziren, CAIXA programa baten bidez, eta halaber, oso interesgarriak dira ugaztun haragijale txikientzat, orain arte autoek harrapatuta hil izan baitira errepidea zeharkatzean.
Lepahoriak, lepazuriak, katajinetak eta erbinudeak, bai eta bisoi europar urri eta iheskorrak ere, korridore ekologikoak erabiltzen dituzte: espezie horiek, gainera, lan garrantzitsua egiten dute ingurune urtarrari nahiz nekazaritza-inguruneari loturik dauden karraskariak kontrolatzeko. Ibarraren iparraldeko ibai eta erreka horiek igarabaren ehiza eta ugalketa eremuak dira.
Ibarraren hegoaldean nekazaritza da nagusi; errekak eta ibaiertzak okerrago daude, eta horren ondorioz, ugaztunak nekez mugitzen dira eta gutxitan aurkituko ditugu. Hala ere, Ezkoriz-Zolinako aintzira ere aipatu behar da, eremu hezeei loturiko hegazti kopuru handia biltzen ari baita, era askotako espezietakoak; aintzirak, beraz, balio ekologiko handia du.