Eguesibarko hainbat lekuk balio handia dute paisaiari eta naturari begira. Ibarrean, hiri-eremu hutsekin batera, badira landa giroko herri txikiak, eta gure Ibarrari halako xarma berezia ematen diote. 

Ibarraren iparraldean dauden bi naturgune Paisaia Babestuak dira: Elia eta Egulbati. Lehenago, nekazaritza egiten zen, baina gaur egun ez. Lurra lantzeari utzi zitzaionetik, natura alorrez eta errekez jabetu da, hau da, pinu gorriz osaturiko basoak zabaldu dira, baina aldi berean, badira haritz eta hegoaldeko artez osaturiko baso txikiak ere, inguru horietan poliki-poliki zabaltzen ari direnak. Halaber, erreka bazterreko basoa zabaltzen ari da, eta larre naturalen sare bat ere bai.

Beraz, askotariko habitatak ditugu Elian eta Egulbatin, eta balio handia dute naturaren nahiz aisiaren aldetik, oso hurbil baitaude Iruñerriko hirigune handietatik. Naturgune horiek, gainera, ederki loturik daude iparraldeko oihanekin, hala nola Esteribar eta Lizoain-Arriasgoitirekin, bai eta Errorainoko nahiz Nafarroako iparraldeko oihanekin ere; hortaz, askotariko fauna dabil Iruñetik hurbil dauden basootan. Oraindik ere, abeltzaintza estentsiboak dirau bizirik inguru horietan, naturgune hauetako habitaten dibertsitate mantentzen duena.

Ibarraren hegoaldea, ordea, bestelakoa da, nagusiki nekazaritzari lotua. Beraz, hemen zereal-alorrak dira nagusi ordoki zabalean, baina Nafarroako gune hezeetako bat ere badago, hots, Ezkoriz-Zolinako aintzira, eta gainera, gero eta balio handiagoa dauka bai hegazti urtarrentzat bai migrazioan ari diren hegaztientzat. Ur gazia da eta zati bat Aranguren Ibarrean dago. Hegazti batzuen atsedenlekua da sakabanaketan ari direnean, eta espezie oso berezien ugalketa tokia ere bai.

Ibarreko bi eremuak erreka bazterreko basoen bidez daude lotuta, bai eta Malkaitz eta Tangorri mendietako oihan-masa txikien bidez ere.

espacios-naturales-elia-egues

ELIAKO PAISAIA BABESTUA

Naturguneak kontzejuaren dermio osoa barnebiltzen du; askotariko habitatak daude, guztiak ere interes handikoak, oihana batez ere, ongi kontserbaturiko landa-herrigunea barne.

espacios-naturales-elgulbati-egues

EGULBATIKO PAISAIA BABESTUA

Jaurerria zen, Eguesibarko Udalak erosia; askotariko habitat bereziak ditu, bai eta eremu irekiak ere.

espacios-naturales-zolina-egues

EZKORIZ-ZOLINAKO AINTZIRA

Badostaingo dermioan dago, ur gazia da, eta garrantzi handia du hegazti urtar eta migratzaileentzat.