HAURREN ETA NERABEEN IV. ASTEA

 Hemen: Berriak

Urtero azaroaren 20an Haurren Eskubideen Munduko Eguna izaten denez, Eguesibarko Haurren eta Nerabeen IV. Astea, “Parte hartu, entzuten dizugu”, ospatu da 2022ko azaroaren 14tik 20ra bitartean. Adingabeek eta haien familiek jarduera-programazio berezi batez gozatu ahal izan zuten. Haurren eta nerabeen eskubideak aldarrikatzeko eta ikusarazteko balio izan duen aste honetan 1.347 haur, gazte eta heldu baino gehiagok parte hartu dute.

Aurten, haurrek entzunak izateko duten eskubidea nabarmendu nahi izan da. Eskubide hori parte hartzeko eskubideetariko bat denez, funtsezko balioetako bat da haurra zuzenbideko subjektu gisa ulertzeko. Hortaz, aste honetan hitza ematen zaie haurrei, interes gorena aintzat hartzeko, bai eta Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioan aitortutako gainerako eskubide guztiak interpretatzeko eta errespetarazteko ere.

Jarduera anitz egon dira bortz egun hauetan: “Gure hiri ideala eraikitzen”, Legoen erakusketa, “Azalaren gaineko ipuinak”, Masterchef Juniorren II. Edizioa, Azaroaren 25erako mural parte-hartzailea egiteko tailerra, puzgarriak eta ingurumenarekiko sentsibilizaziorako jolasak, Zirku Tailerra, Osoko Bilkura Eguesibarko Udaletxean Hermanas Uriz Pi IPko, Joakin Lizarraga IPko eta Maristetako ikasleekin, Dantza Tailerra familian, “Parti Gaua” antzerkia, sortu berriendako zapiak banatzeko ekitaldia, karrikadantza Eguesibarko haurren konpartsaren eskutik, Haizeberri Eguesibar Taldea, Lakarri Txiki Dantza Taldea, fruta-jana eta txokolate-jana Musika Eskolak alaiturik, gazteendako arratsaldea… Ekitaldi horietan gure haur eta nerabeak zainduz aukera izan dugu haiekin gozatzeko eta ekimenetan parte hartzeko.

Gainera, irailean eta urrian, osoko bilkuran parte hartu zuten ikastetxeetako ikasleen iradokizunak jaso ziren, haurren eta nerabeen asteko jardueretan sartzeko. Azaroaren hasieratik, postontziak jarri ziren hainbat lekutan, haurrek eta nerabeek Ibarra hobetzeko proposamenei buruz zituzten ideiak eta iradokizunak jasotzeko. Azaroaren 17an egindako osoko bilkuran ideia horiek eman zitzaizkien arduradun politikoei.

Eguesibarko Udaleko Gizarte, Gazteria eta Berdintasun alorretatik eskerrak eman nahi dizkiegu Musika Eskolari, Eguesibarko Haurren Konpartsari, Haizeberri Eguesibar taldeari, Lakarri Haurren Dantza Taldeari, boluntarioei eta aste hau gozatzeko aukera emanez parte hartu duen jende orori. Haurren alde eta haurrendako lan egiten jarraituko dugu, prebentzioaren aldeko apustua eginez, etorkizuneko inbertsiorik onena baita.

Haurrak, gazteak, familiak, ESKERRAK ematen dizkizuegu parte hartzeko moduko aste berezi hau egiteagatik! Heldu den urtean zain izanen gaituzue!!

copia-de-diseno-sin-titulo-1copia-de-diseno-sin-titulo-1