Parte hartu Eguesibarreko Zainketen Itunean
Eguesibarreko Udaleko Berdintasun Arloak kanpaina bat abiarazi du Zainketen aldeko Tokiko Ituna programa ezagutarazteko eta Ibarreko erakunde, elkarte eta herritarrak Eguesibarreko Zainketen aldeko Ituna egiten parte hartzera gonbidatzeko.
Kontua ez da zerbait berria egitea, baizik eta daukagunari buelta bat ematea eta egiten dena antolatzea, zaintzan eragina izan dezan. Izan ere, INAIk, toki-erakundeekin batera, Bateragarritasunaren aldeko Tokiko Itunak Programa garatzen ari da 2005. urteaz geroztik (Eguesibarrak 2019an sinatu zuen programa hori).
Une hartan kontziliazioaz ari bagara, gaur egun zaintza da berdintasunerako agenda eta politikak markatu eta bideratzen dituena. Zainketen banaketa ez da zuzena eta berdintasunezkoa, batez ere emakumeei dagokie eta bizitza pertsonalean, familiakoan eta lanekoan denboraren kudeaketari eragiten dio. Kontziliazioa eta haren praktika eta proposamen guztiak, bai eta erantzunkidetasuna ere, zaintzaren parte dira. Hala ere, hobera egiten badute eta aurrerapausoak ematen badituzte ere, ez dute konpontzen zainketen benetako dimentsio konplexua eta pertsonen bizitzan eta gizartean dituzten ondorioak.
Gaur egun, zaintza-defizita larriagotu egiten da hainbat fenomeno sozio-demografikoren arteko erlazioaren ondorioz: emakumeek lan-merkatuan duten partaidetzaren hazkundea, biztanleriaren zahartze orokorra, lehen hilgarriak ziren gaixotasunen kronifikazioa, jaiotza-tasa txikia, familien tamainaren murrizketa progresiboa, bizikidetza- eta familia-loturen aldakortasuna eta ezegonkortasuna, migrazio globalen feminizazioa eta zainketen merkantilizazioa, horiek ordain ditzakeenaren esku geratzen baitira, etab.
Nafarroako Zainketen aldeko Itunak programan, “zaintzak” dira ugalketarako, hazkunderako eta giza bizitza duin, autonomiadun eta ongizateari eusteko beharrezkoak diren ahalegin, zeregin eta lan pribatu eta publikoen multzoa, jaiotzatik heriotzara arte.
Programaren ardatz nagusia, beraz, zainketak banatzea eta partekatzea da, berdintasunerako proposamen politikoak unean uneko errealitate sozial eta kulturalera egokituz. Horregatik, Haran osoaren laguntza behar dugu Zainketen aldeko Ituna egiteko. Animatu eta parte hartu!
Proiektu hau Eguesibarreko Udaleko Berdintasun Sailak bultzatu eta koordinatzen du, eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuak diruz laguntzen du.