1992an, zaharberritua eta teilaberritua, eliza gaur egun ongi dago. Elizarekin alderatuta, sarrera aurreko lorategi txikia ez da batere txukuna: eserlekuak gaizki daude, berriz ere zuhaitzak landatu beharko lirateke…

Lau tarteko oinplano laukizuzena, eta burualde zuzena. Ataria eta dorrea XII. mendekoak dira. Gainerako atalak 1710etik 1714ra estilo barrokoan egindako zaharberritze-lanen ondorio dira.

Eguesibarko eliza-arkitekturan aunitz ikusten diren bezala, Olazko San Pedro eliza jatorriz XII. mendekoa da. Kanpoaldeari itxura trinkoa dario. Materialetan izaniko aldaketek soilik salatzen dute hainbat berrikuntza egin zaizkiola.

Dorrea adibide ona da. Lehen gorputza XII. mendekoa da, nahiz eta badakigun 1566an Migel Amezketakoak dorreko bigarren gorputzaren errematearen obra kontratatu zuela; gaur egun, leku horretan ezkilak daude. Atea, dorrea eta horma batzuk eliz zaharrekoak dira.

Erreforma barrokoak, ordea, multzo osoaren itxura aldatu omen zuen. Izan ere, batetik, alboetan bi kapera erantsi zitzaizkion, eta, bestetik, eta bereziki, kanoi erdiko ganga paratu, bai nabearen lau tarteetan, bai burualde zuzenean. Erretaula nagusiko irudi nagusia, beraz, San Pedro da. Bai santua, bai atikoan dagoen kalbarioa, erretaularako egin ziren berariaz.

Gauzarik interesgarrienak

 

  • Kanpoaldeko arkupea erdi-puntuko bi arkuz osatua dago, biak ere adreiluzkoak, erdiko zutarriaren gainean bermatuak. XII. mendeko erdi-puntuko ataria babesten du. Atariak hiru arkibolta laukizuzen ditu. Arkibolten gainean, harburuak daude, jatorrizko teilatu txikiari eusten ziotenak; apaingarri eskultorikoak ia galdu dira.
  • Korua arku beheratuaren gainean, zurezko barandarekin.
  • Bataiarria.
  • Gurutziltzatu erromanista, XVII. mende hasierakoa.
  • Hiru mihise; bi hondatuak. Hirugarrena Erroman dagoen jatorrizko baten kopia da. Aldareko gurutzea barrokoa da, erlikiaduna.
  • Erretaula nagusia San Pedrori eskainia, XVII. m.
  • Erretaula txikia, XVII mendekoa, San Sebastianen tailuarekin; originaltasun inozoa dario.
  • Arrosarioko Ama Birjinaren erretaula, barrokoa eta rococoa, interes gutxikoa, Arrosarioko Ama Birjina buru dela.