Ibilbidean zereal alorrak dira nagusi. Ardanatz inguruetan, ordea, ibilbidea sasien eta bazkalekuen artean doa.
Ibilbideak, gainera, ikuspegi ederrak eskaintzen ditu Eguesibarko iparralderantz; Altzuza, Sagaseta eta Eliako mendietarantz, hain zuzen.
Badostainen bertan, Eguesko bidea hartuko dugu. Hasieran ongi asfaltatua dago. Bidegurutzera iristean (Jasokundeko ermitara doan desbideratzea), zagorrezko pista hasten da.
Galsoro eta garagar alorren artean aurrera eginez, ikuspegi bikainak izanen ditugu Eguesibarko iparralderantz. Gure begiradapean, halaber, Altzuza, Sagaseta eta Eliako mendiak. 476 metroko garaierara iristean, pista asfaltatua hasten da eta, Grande erreka gurutzatuz, NA-2310 errepideraino doa (Aranguren Ibarra).
Hortik aitzina, errepide bazterretik joanen gara 50 metroan, ezkerretik abiatzen den lurrezko bidea hartzeko; 3 bat metro ditu zabaleran, eta poliki-poliki doa mendian gora, bazkalekuen eta sasien artean. Behin NA-2310 errepidera iritsita, 160 metro egin eta Ardanatz herria joko dugu.
Errepide beretik eginen dugu atzera, NA-2310ra iritsi arte. Orduan, mendebalderantz jo eta eskuinaldean bide bat ikusiko dugu; Badostaingo bidea, alegia. Asfaltatua dago eta zereal alorren artean doa, harik eta Badostaingo dermiora iritsi arte. Hortik aurrera, legarrezko pista da, eta Zuletazokoko bidera eramanen gaitu. Bidea ipar-mendebalderantz hartu (Eguesko bidea) eta Badostaingo karriketara iritsiko gara.