Eguesibarraren iparraldean dagoen herri bat da, antzina jaurerri izandakoa. NA-150 nazionala hartu behar da bertara iristeko. Nafarroako hiriburutik 12 kilometrora dago, eta gaur egun lau biztanle dauzka.
Jada 1087an “villa” gisa aipatzen da dokumentu batean “Axalaz” grafiarekin idatzia, bere eremuko mahasti bat Larrasoañako San Agustin monasterioari eman ziola-eta (jada garai hartan Leireko abadiaren jabetzakoa zen monasterio hura). Bertako parrokia-eliza San Martini eskainia dago, eta XIII. mendekoa da. Erretaula nagusian Etxalatzeko armarria ageri da (bi galdara), baita herriarekin lotura handia izan zuen familia baten (Gaztelutarren) armarria ere (lau dorre eta Donejakueren maskorra ageri dira).
Etxalatzen historia Eguesibarrekoaren antzekoa da. Dena dela, Etxalatz jaurerri izan zenez, administrazio berezia izan zuen XIX. mendearen hasiera arte. Hala eta guztiz ere, ibarreko gainerako herrietan bezala, garai hartan Etxalatzeko diputatuak eta errejidoreak gobernatzen zuten herria (azken hori Etxalatzeko biztanleek aukeratu ohi zuten).
Herrigunean bertan Etxalatzeko jauregi zaharreko dorrea dago (ez dago egon zitekeen bezain ongi kontserbatua). Jadanik 1513an erreinuko nomina ofizialean aipatzen da, armategi-kabu jauregi gisa, baita kuartelen zerga ordaintzetik salbuetsita zeuden orubeen zerrendan ere. Jauregiaren jabeak, Hernando de Ayanzek, 1522az geroztik 8.000 marabedi jasotzen zituen urtean. Kontuen Ganberaren datuen arabera, 1723an Jose de Echalaz jaunaren jabetzakoa zen jauregia. Antonio de Echalaz jaunak 1745ean kuartelen errematea egitea eskatu zuen, eta 1799an Maximino de Echalazek berdin egin zuen. Armagintza liburuaren arabera, XVI. mendean bertako armarria urrezkoa zen, eta urrezko bi xingolaz lotutako bi galdara beltz ageri ziren. Erdi Aroko dorre sendo honek garai batean matakanez hornitutako gailurraren arrastoak gordetzen ditu oraindik ere.
(Iturria: Enciclopedia de Navarra eta Eguesibarreko Udal Plana).