Lehendakaria: Miren Elkarte Irigibel
618 11 47 48
Biztanleria: 63 pertsonak (31-03-2017), 33 gizonak eta 30 emakumeak

Ibirikuk 68 biztanle ditu erroldaturik, eta Nafarroako hiriburutik 10,5 kilometrora dago. Eguesibarra zeharkatzen duen NA-150 errepidea hartu behar da bertara iristeko, Agoitzalderantz.

Herria zereal lursailez eta mendi txikiz inguratua dago. Mendi horietako nagusiena Urri da. Tontorrean 45.000 m²-ko zelaigune zabala du, eta batzuen ustez Burdin Aroko aztarnategi bat egon liteke bertan.

Historikoki, inguruko beste herriek ez bezala, hiribildu-maila izan zuen. Gerora, ordea, 1835-1845 arteko administrazio erreformaren ondorioz, kategoria hura galdu eta Ibirikuko Kontzeju bilakatu zen. Erreforma egin aurretik ibarreko diputatuak eta herriko errejidoreak (biztanleek aukeratua) gobernatzen zuten herrian.

Garai hartako herriko ekonomiaren eta bizitza sozialaren berri ematen diguten bi datu garrantzitsu dauzkagu.

Ibirikun joan den mendean irin-errota bat zegoen, segur aski Eguesibarren nagusi diren zereal-soroetatik elikatzen zena. Zentzuzkoa da beraz pentsatzea errota horrek ibarreko gainerako herritatik etekin handiko mozkinak ekartzen zizkiola herriari.

Halaber, eskola propioa zuen, eta garai hartan luxu bat zen hori. Eraikin horretan bertan inguruko beste 10 herritako haurrek ere ikasten zuten (Azpa, Erantsus, Elia, Etxalatz, Uztarrotz, Egues, Elkano, Sagaseta, Egulbati eta Altzuza). Hala ere, jakin badakigu 1847an Ibirikuk eta Elkanok maisu bera zutela. Maisua bi herri horietan bizi zen, txandaka, bi urtez herri bakoitzean, eta bi herrien artean ordaintzen zituzten haren gastuak. Dena dela, maisuak bere ikasleengandik ere ordainsariak jasotzen zituen.

Apur bat geroagokoa da Ibirikuko iturri-aska (1876. urtekoa). Oraindik ere herrigunean bertan dago, eta garai hartan erosotasun handia zen hura edukitzea herriko biztanleentzat.

Herriko zaindaria San Joan Batailatzailea da, eta haren omenez eraiki zen Ibirikuko parrokia. Tradizionalki santu horri eskaini zaizkio ekainaren 24ko ospakizunak, nahiz eta Ibirikuko jaiak gaur egun abuztuko azken astean ospatzen diren.

San Joan Batailatzailearen parrokiako lan erlijioso-artistiko guztien artean zilarrezko prozesio-gurutzea da aipagarriena, 1568koa. Lau urte geroago ebanjelisten irudiak eta beste santu batena gehitu zizkioten, horiek ere zilarrezkoak.

(Iturria: Ibirikuko Kontzejuko presidentea, Enciclopedia de Navarra eta Eguesibarreko Udal Plana).

Erlazionatutako